Patronatua
Gutako askok, familia askok, bizi behar izan dugu alzheimerrak jotako pertsona maitaturen batekin.
Gutun labur honetan ez dut alderdi negatiboei buruz idatzi nahi, utzidazue drama pertsonal honek dakartzan alderdi positiboak nabarmentzen. Nire kasuan, askoz ere ageriago gelditu ziren familiaren batasuna, sentiberatasunaren eta hunkigarritasunaren azaleratzea eta lagunen gertutasuna eta balioa. Faktore horiek guztiek bultzatu ninduten 2008. urtean Fundación CITA-alzhéimer Fundazioa sustatzeko erabakia hartzera.
Erabakigarria izan nahi dudalako alzheimerraren aurkako borrokan, gure seme-alabek eta bilobek ez dezaten gaixotasun suntsitzaile hau nozitu. Arindu beharrean aurrea hartzeko. Inork ez dezan alzheimerra izan.
Urte hauetan, ahalegin handiak eginda eta erakundeen eta Gipuzkoako gizartearen zati handi baten laguntzarekin, lortu dugu nazioartean erreferente bihurtzea alzheimerrari buruzko ikerketaren esparruan.
Baina oraindik asko dago egiteko, eta ikerkuntzan, zientzian eta teknologian inbertituz egin behar ditugu aurrerapausoak. Horrela bakarrik jarraitu ahal izango dugu programa aitzindariak egiten eta tratamendu aurreratuak abian jartzen lehen mailako ikertzaileekin eta neurologo, neurorradiologo, neuropsikologo, nutrizionista, bioinformatiko, erizain eta teknikari taldeekin, gaixotasunari bere alderdi guztietatik heltzeko.
Gure lehenengo ikerketa proiektuaz geroztik, 500 boluntarioren eskuzabaltasunari eta ausardiari esker bideratutako Gipuzkoa Alzheimer Proiektuaz geroztik, emaitza itxaropentsuak eskaini dituzten beste azterlan batzuk egin ditugu, eta horiek oso lagungarriak izango ditugu irudikatzen dugun etorkizun hori, alzheimerrik gabeko mundua posiblea den etorkizuna, gero eta argiago ikusteko.
Eskerrik asko guztiei. Bihotz bihotzetik.